Nola gidatu segurtasunez errepide elurtu edo izoztuetan
Aurtengo negua gogorra gertatzen ari zaigu eta errepide nazionalak ere itxi behar izan dira elurte handien ondorioz. Garai honetan, gidari guztiok arreta osoa jarri behar diogu errepideen egoerari; are gehiago, elurte handien ondorioz, elurrak errepideak guztiz estaliko dituela ohartarazten digutenean. Beti esan ohi dugu errepidean arretaz ibiltzeko eta, are gehiago neguan; izan ere, asko dira neguan gertatzen diren istripuak, bai errepideak egoera txarrean egoteagatik, bai gidarien arduragabekeriagatik.
Hori guztia ekiditeko asmoz prestatu dugu post hau, errepide elurtu edo izoztuetan gidatu behar izanez gero, jarraitu beharreko argibideak emateko.
Errepide elurtuetan seguru ibiltzeko gakoak
Argibide zehatzagoak ematearren, artikulua hiru zatitan banatu dugu: zer egin bidaia hasi aurretik, zer egin elurte edo izotzaldi batean eta, azkenik, nola jokatu ibilgailua gelditzean.
Bidaia hasi aurretik
Martxan jarri aurretik, lehenik eta behin, ibilgailua eta errepideak egoera ezin hobean daudela egiaztatu behar da. Horretarako, bidaia hasi aurretik, komenigarria da GPS nabigatzailea programatzea eta errepideen egoerari buruz informazioa eskuratzea: RACC klubaren web orrian nahiz APPan topatuko duzu beharrezkoa den informazio guztia, bidaiari hasiera emateko zein bidaia bertan behera uzteko erabakia har dezazun. Gogoratu: garaiz atzera egitea, garaipena da.
Behin bidaiari ekiteko erabakia hartutakoan, komenigarria da pneumatikoen egoera behatzea. Pneumatikoen marrazkiaren sakonera 3mm baino gutxiagoakoa bada, ezinbestekoa izango da pneumatikoak ordezkatzea bidaia egin ahal izateko. Ez ahaztu presioari ere erreparatzea.
Pneumatikoekin batera, bateria da begiratu beharreko beste elementuetako bat. Egiaztatu egoera onean dagoela eta nahikoa izango dela bidaia amaitzeko; bestela, ordezkatu egin beharko duzu martxan jarri baino lehen. Kontuan hartu behar duzu bateriarik gabe ezingo duzula kalefakzio sistemarik erabili, elurretan ez atzera, ez aurrera, geratuz gero. Izugarrizko hotza pasako duzu!
Azkenik, abiatu aurretik egiaztatu baduzula matxuraren bati aurre egiteko beharrezkoa den guztia: linterna, eskularruak, txaleko islatzailea eta seinalizazio triangeluak. Elementu horiek, hain zuzen, nahitaezkoak dira horrelakoetan.
Bidaian zehar
Behin bidaiatzen hasita, ezinbestekoa da gidatzeko modua errepidearen baldintzetara egokitzea; baita segurtasuneko tartea handitzea ere. Emeki gidatuz gero, biraketa zakarrik egin gabe, eta unean uneko baldintzak errespetatuta, ez duzu arazo handirik izango elurrarekin.
Hori bai, aprobetxa itzazu zure aurreko ibilgailuek utzitako arrastoak eta egin ezazu horien ibilbide bera elurrarekin arazorik ez izateko. Gainera, arrasto horien inguruetako elurrak biraketak egiten lagunduko dizu. Izugarrizko elurteak harrapatzen bazaitu, funtsezkoa da ibilgailua gelditzea eta pneumatikoei elurretako kateak jartzea.
Ez itzazu kateak inoiz ipini asfalto lehorraren gainean, asfalto elurtuaren gainean baizik. Egiazta ezazu behar bezala jarriak daudela eta arreta handiz ekin berriro bidaiari, betiere, 40 km/h-ko abiadura gainditu gabe.
Une horietan, zenbat eta distrazio teknologiko gutxiago, hainbat eta hobeto.
Ibilgailua gelditzean
Behin elurtutako tartea zeharkatu ondoren, oso garrantzitsua da kateak kentzea. Ez ezazu itxaron bidaia amaitu arte, kateak ez ezik, pneumatikoak ere hondatu ahal direlako. Kateak kendu eta gero, izan dezaketen izotz nahiz elur guztia kendu eta urarekin garbi itzazu. Horrela , luzaroan izango dituzu erabiltzeko moduan.
Autoa aparkatu behar izanez gero, kontuz eragin esku-frenoari, gehiegi behartu gabe, izozturik egon litekeelako. Eta, jakina, alde egin baino lehen, altxa itzazu parabris garbigailuak; hau da, aldendu itzazu beiratik, izoztu eta beira honda dezaten ekiditeko.
Emandako aholku horiek jarraituz gero, ez duzu inolako arazorik izango errepide izoztu nahiz elurtuetan ibiltzeko. Gakoa, aurrez neurriak hartzean eta errepideko argibideak aintzat hartzean datza.